OÑATI COMMUNITY

Euskara: oinarrizko datu soziolinguistikoak

13 Feb 2017 15:31 | Miren Manias (Administrator)

Eusko Jaurlaritzaren 2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, guztira, Euskal Autonomia Erkidegoa-n (EAE) bizi diren 16 urtetik gorako 631.000 lagun dira euskaradunak. Alegia, biztanleria horren %34. Baina, euskara-hartzaileen potentziala eransten badiogu kopuru horri, %19, adin tarte bereko hizkuntza-gaitasuna duen kopurua ia milioi batekoa da (987.000): %52. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea elebidun hartzaileen potentziala euskararen erabilera sustatzerako orduan. EAEko erdaldun elebakarren komunitatea, bestalde, %47koa da (16 urtetik gorako 877.000 lagun).

Lurralde banaketan arreta jarrita, euskaldun kopuru handiena Gipuzkoan kokatzen da; biztaleen erdiak daki euskara. Bizkaian, aldiz, %27k soilik hitz egiten du eta, Araban, azkenik, biztanleen %19. Azken lurralde horretan izandako hazkundea aipatzeakoa da, izan ere, 1991tik 2016ra %12 egin du gora euskaldun kopuruak. 


Nafarroako eta Iparraldeko datuei dagokienez, 2011ko V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (Taula 1), antzeko balioak zenbatu dira: biztanleen %9 eta %7 dira euskaldunak, hurrenez hurren. Neurri handi batean, emaitza hori da Euskal Herriaren banaketa-administratiboaren eta lurralde bakoitzean euskarak duen ofizialtasunaren isla. 


Hizkuntzaren erabilera

Kezkatzeko emaitzak bildu zituen 2011ko V. Inkesta Soziolinguistikoak (EAE, Iparraldea eta Nafarroa kontuan harturik): hamar urtetan murriztu egin da euskara erdara baino gehiago erabiltzen dutenen elebidun kopurua, %37tik (1991) %36ra (2011); bai eta euskara erdara beste erabiltzen dutenena ere, %23tik %22ra. Gainera, 1991n baino elebidun gehiago ziren 2011n euskara oso gutxi erabiltzen zutenak (%1,6 gehiago), bai eta beti erdaraz egiten dutenak ere (%2 gehiago). 


Iturria: Euskararen erabileraren bilakaera elebidunen artean. Iturria: V. Inkesta Soziolinguistikoa. 2011

2016ko datuen arabera, aldiz, EAEko biztanleen ia %31k euskara erabiltzen du neurri batean ala bestean. Zenabtutako 16 urtetik gorakoen artean, %20ak euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du eguneroko jardunean. Bestetik, %10ak gutxiago erabiltzen du euskara erdara baino. Gainerako guztiek (% 69) erdara erabiltzen dute beti edo ia beti. 



Hizkuntza baten biziberritzean erabilerak duen pisua aintzat hartuta, euskararen erabilera sustatzea ezinbesteko baldintza izango da aurrera begira.

Powered by Wild Apricot Membership Software